XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zuen jakinmina pizteko egiten ditut nik galderak -esan zion serio-serio. Esate baterako, ba al dakizue zuek nola jaiotzen diren txitak?

Andereñoak laster baztertzen ditu nahi ez dituen eztabaidak eta berak nahi duenera jotzen du zuzen-zuzen.

Hegaztiak nolakoak ziren eta horrelako kontuak ikasten ari ginen orduan eta bide horretara ekartzen zituen galdera guztiak.

- Baaaai! esan genuen batzuek. Isilik geratu ziren beste batzuk.

Oihu handiena egin zutenen artean Xabi zegoen, noski.

Xabi abarka-sokak baino baserritarrago da, nire aitak baserritarrengatik esaten duen bezala.

Xabik oso ondo ezagutzen ditu animalien kontuak eta soroetako belarren izenak eta horrelako gauzak... Baserri handi batean bizi da eta...

Ni ez naiz baserritarra, baina nire amona bai eta oiloak dauzka. Eta baita hiru koneju ere. Lehen, aitona bizi zenean, behiak ere bazeuzkaten, baina orain ez.

Nire aitona aspaldi samar hil zen. Nik ez nuen ezagutu. Ezta behiak ere, baina oiloak bai, eta badakit nola jaiotzen diren txitak.